Ekidazu Abesbatza Bizkaiko Lezaman jaio zen 2001eko udaberrian, Zorrizketan Euskara Elkarteko kide batzuen ekimenez. Gaur egun 25 ahots mistoz osotuta dago eta euren zuzendaria Iratxe Ispizua da.
Koru-taldearen helburu nagusiak bi dira: batetik, euskal musika korala eta munduko folklore-musika maitatzea, zaintzea, zabaltzea eta kantatzea; bestetik, musikaren bitartez euskaltzaletasuna ere agertzea eta zabaltzea.
Abesbatza gaztea bada ere, bere curriculuma lodituz doa, astiro bezain sendo. Herrian ematen dituen kontzertuetatik aparte (Gabonetan, Sanjoan bezperan, Santa Agedan, Andramari jaietan, Santa Zezili egunean eta abar), Bizkaiko eta inguruko beste hainbat musika ekitalditan ete urtero parte hartzen du: Txorierriko Gabon Kantak Jaialdian, BAEren Udaberriko Kontzertuetan, Bizkaiko Koruen egunean, iaz lehenengoz Begoñako Abesbatzen Astean eta eskatu zaion beste hainbatetan. Horrez gain, esperientzia aberasgarriak izan ditu elkartruke kantatuak antolatuz Arabako Gesaltza-Añanako “Gaubea”, Teruelgo “Alcorisa”, Lekeitioko Parrokiako, Hernaniko “Kantuz”, Begoñako “Garaizar”, Elorrioko “Berriotxoa” edota behin baino gehiagotan “Otxarkoaga Talde Korala” abesbatzekin. Aipatzekoak dira, baita ere, Europako beste koru batzuekin batera 2011n Unescoren egoitzan, Parisen, eman zuen kontzertua eta 2013an Palma de Mallorcako “Festival Coral de Primavera” ekitaldian abesteko eta euskal folklorea ezagutarazteko izan zuen aukera aberasgarria. Azken aldian, Frantziako “L’Orpheon de Luz St Sauveur” taldearekin izan du otsailean elkar truke musikalaren esperientzia partekatzeko aukera eta, modu berean, Ekidazuren 13. Urteurrena ospatzeko, Belgikako (Estinnes) “Poly’sons” abesbatzarekin bi kontzertu antolatu zituzten. bata Lezamako jaietan eta bestea maiatzean Belgikan eskaini zutena.
Hurrengo ikasturtean Bartzelonako «Orfeón Martinenc» Lezamara egindako bisitaren itzulera egingo dugu, guzti hori gure urteroko ekitaldiak alde batera utzi barik.